Uholde Arriskurako Plan Berezia larrialdi fasera igaro da

Txomin Madina Milikua 2021ko aza. 28a, 16:13

Gaur arratsaldetik bihar goizera arte euri-jasak ugaritu egingo direla eta iraunkorrak izango direla ikusita hartu dute erabakia Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Uholdeak izateko arriskua batez ere gauean eta bihar goizaldean zein goizean zehar egongo da. Elurragatik alerta laranja bertan behera geratu da, eta euriagatik, alerta laranja aktibatu.

Elur-kotak gora egin eta elurragatik alerta laranja bertan behera geratu arren, euriagatik aktibatu dute alerta laranja eta erreka eta ibaiak dira orain kezka iturri. Izan ere,datozen orduetan euri-jasak ugaritzea eta horiek iraunkorrak izatea aurreikusten da, baita egunotan egindako elurra urtzea ere; horrek guztiak uholdeak izateko arriskua handitu du. Hala, Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkarik egindako bileran erabaki dute Uholde Arriskurako Plan Berezia larrialdi fasearen 1 egoerara pasatzea. "Momenturik larrienak gaur gauean eta bihar goizaldean zein goizean zehar aurreikusten ditugu", adierazi du Josu Erkoreka lehendakariordeak. Hemendik aurrera, Uholdeei Aurre Egiteko Larrialdietako Plan Bereziak berak egingo ditu koordinazio-lanak eta esku hartzekoak, eta bertan integratuko dira udalen, foru-aldundien edo eraginpeko urtegien gainerako planak.

Larrialdi faseari ekiteko 19:00etan bilera egingo du Aholku Batzordeak, eta bertan hartuko dituzte gauerako eta biharko neurriak. "Neurri horiek udal bakoitzak kudeatu beharko ditu bere esparruan, beti ere Eusko Jaurlaritzaren koordinaziopean", azaldu du lehendakariordeak. Dagoeneko hartutako neurrien dagokienez, Erkorekak zehaztu du ibai eta erreken arroetan zaintzarako baliabideak jarrita daudela, hala nola Gurutze Gorria, DYA, Ertzaintza, Babes Zibilerako Zerbitzuak eta udaltzaingoak.

Gomendioak herritarrei eta udalei

Egoera honen aurrean, hurrengo orduetarako herritarrei eta udalei zuzendutako hainbat gomendio eman dituzte Eusko Jaurlaritzatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak