Gaur egun 8 eta 15 urte arteko ikasleak bost taldetan daude banatuta, eta guztira 41ek eman dute izena aurtengo ikasturtean. Helduetan, berriz, 13 pertsonako talde bakarra dute, eta astero bi orduko klaseak jasotzen dituzte.
Maider Alzelai Dokeko kidea pozik azaldu da antzerki eskolaren bilakaerarekin: "Iazkoa lehen urtea izan zela kontuan harturik, ederra da aurten eskaera handitu egin dela frogatzea". Hala, oraindik talde batzuetan partaide berriek parte hartzeko tokia dagoela gaineratu du. Horretarako, deitu 665 11 85 72 telefonora edo idatzi dokeikastaroak@gmail.com helbide elektronikora.
Talde bakoitzak ikasturtean zehar jasotakoa jendaurreko emanaldi baten bidez plazaratuko du ekainean, ikasturte bukaerako ekintza nagusi modura.