Azken egunetako giro heze eta euritsuak ez du etenik izango asteburuan: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu laranja aktibatu du gaurko eta biharko. Euriari, elurrari eta itsasaldeari dagokionez espero dira baldintza meteorologiko okerrenak.
Euskalmet-ek egindako iragarpenen arabera, prezipitazio ertainak baina ugari eta iraunkorrak izango dira gaur; hots, egunaren amaierarako 60-80 litro metro koadroko baino gehiago pila daitezke hainbat puntutan. Horrez gain, baliteke han-hemenka trumoi-ekaitzak eta txingorra ere botatzea.
Biharko ere euri-jasak daude aurreikusita. Abisu horia izango da 15:00ak arte, eta ondoren, gauerdia arte, alerta laranja aktibatuko dute zenbait lekutan prezipitazio handia izan daitekeelako. Gainera, arratsalde-gauean prezipitazioak iraunkorra eta ugaria izaten jarraituko du eta aldi berean, elur-kotak gora egingo du. Ondorioz, pilatutako elurraren zati bat urtuko litzateke, eta uholdeak izateko arriskua handituko litzatekeela adierazi du Euskalmetek.
Elurra, 400-500 metroan
Astean Debagoieneko tontor altuenak zuritu dira, Artzanbururen kasua adibide. Gaur, zapatua, elur kota modu esanguratsuan jaitsiko da: goizaldean 900-700 metro bitartean espero da elurra, eta eguna aurrera joan ahala 400-500 metrora jaisten joango da. Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, bihar goizaldean 400-500 metro inguruko altueran zurituko du. Goizean igotzen joango da, arratsaldean 600-800 m inguruan kokatuz eta egunaren amaieran 1.100 m inguruan. SOS Deiak-etik arduraz jokatzeko eta mendira ez joateko eskatu dute.