Indarkeria matxista ikusarazteko eta ahanzturan ez erortzeko ateak

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 25a, 16:32
'Ateak' proiektuko artelan baten sorkutzako une bat. (Argazkia: PuertasExpo - Emaus)

Emaus fundazioak Ateak erakusketa ireki du Arrasateko egoitzan. Artista desberdinek marraztutako ateak dira proiektuaren oinarri diren artelanak, eta eguneroko indarkeria matxista egoerak ikusarazteko, erahilak izan ziren emakumeak ahanzturan ez erortzeko, zenbakiak humanizatzeko eta arteak gogoetarako bideak irekitzeko osatu dute esposizioa. Nahi duenak artelanak eskuratzeko aukera du.

Gizonen eskuetan erahila zen emakume bakoitzeko artelan bat egitea proposatu zien Emaus fundazioak hainbat artistei, bi oinarrirekin: ate zahar bat izatea obraren euskarria, eta irabazi asmorik gabe jardutea. Indarkeria matxistaren aitzakian, ateen beste aldean dauden errealitateak ikusarazten aritu dira artistak geroztik; eguneroko abusu egoerak jakitera emateko, erahilak izan ziren emakumeak ahanzturan ez erortzeko, zenbakiak humanizatzeko, arteak gogoetarako bideak irekitzeko. 2018tik aurrera, erahilketaz erahilketa eta atez ate osatu da Ateak proiektua.

Ia 50 artistek hartu dute parte ekimenean, eta artelanak zein bakoitzaren esanahiak ikusarazi asmoz, Emausen egoitza desberdinetan erakusketak antolatu dituzte. Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bueltan, Arrasateko EkoCenter egoitzan jarri dituzte ate guztiak ikusgai.

Ateak, eskuragai

Ahanzturan ez erortzeko eta bakoitzak bistaratzen duen errealitatea ahal beste ikusarazteko, fundazioak herritar zein eragileen eskura jarri ditu artelan guztiak. Ateetako bat eskuratzeko, aski da komunikazioa@emaus.com helbidera idaztea edota 616 135 428 telefonora deitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak