Ozen entzungo da emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzespena gaur, azaroak 25, Debagoienean. Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, eta aurreko zein osteko egunetan kasuren batean, molde eta forma desberdineko hainbat ekintza antolatu dira bailarako herrietan; elkarretaratze eta manifestazioak nagusi izango diren arren, izan da eta izango da dokumental, irakurraldi kolektibo zein ikuskizun bidez gaia lantzeko aukera ere.
Emakundek, ohar bidez, dei egin die herritarrei "emakumeen aurkako indarkeria gaitzesten dutela adieraztera" eta erakunde zein gizarte eragileek deitutako mobilizazioetan parte hartzera. Zuzendari karguan den Izaskun Landaidaren hitzetan, "bide luzea dugu oraindik egiteko"; gure gizarteko emakumeen eta gizonen arteko "desberdintasunaren sinbolorik gogorrena" da indarkeriarena, eta berdintasun-politikak aldarrikatu ditu "egiturazko arazo horrekin amaitzeko funtsezko tresna gisa".
Herriz herri
Pentsiodunak goizean zehar beste elkarretaratze batzuk ere egiten ari diren arren, hauek dira, herriz herri, bailaran egin diren deialdi nagusiak:
- Aramaio, 18:00an - Elkarretaratzea herriko plazan
- Oñati, 18:30ean - Manifestazioa Foruen Enparantzatik abiatuta
- Aretxabaleta, 18:30ean - Manifestazioa Azbetik abiatuta
- Arrasate, 19:00an - Elkarretaratzea Seber Altube plazan
- Bergara, 19:00an - Elkarretaratzea San Martin plazan
- Eskoriatza, 19:00an - Elkarretaratzea Fernando Eskoriatza plazan
- Antzuola, 19:00an - Elkarretaratzea herriko plazan
- Elgeta, 19:15ean - Elkarretaratzea herriko plazan