Asko izan ziren Debagoienetik joan ziren herritarrak, eta baita beste zenbait udal ordezkari ere. Guztira, 70 autobus baino gehiago iritsi ziren Euskal Herri osotik, antolatzaileen arabera. Manifestarien artean ziren koalizio abertzalearen ehunka kide eta hautetsi, ikurrinak eta Nafarroako banderak eskuan hartuta, eta bularrean mobilizazioaren leloa itsatsita: Aske eta berdinen Euskal Herria lortu arte.
Manifestazioa gidatuko duen pankartan joan ziren kideak honako hauek dira: Sonia Jacinto EH Bilduko antolakuntza zuzendaria, Garikoitz Mujika EH Bilduko zuzendari nagusia, Izortze Santin sustatzailea eta EHUko irakaslea eta ikertzailea, Bakartxo Ruiz Nafarroako Parlamentuko bozeramailea, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Edurne Brouard sustatzailea eta Santi Brouarden alaba, Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarkideko bozeramailea, Pello Otxandiano EH Bilduko programa zuzendaria, Mertxe Aizpurua Kongresuko bozeramailea, Larraitz Ugarte EH Bilduko komunikazio zuzendaria eta Onintze Oleaga EH Bilduko Udalgintza arduraduna.
"Bloke historiko bat" eraiki beharra
"Independentismoa ahul dagoela esaten diguten honetan, garbi utzi diegu erratuta daudela" hitzak adierazi zituen Garazi Pereak, EH Bilduko militanteak. Arnaldo Otegi ere itxaropenez eta baikortasunez mintzatu zen Bilboko udaletxearen aurrean egindako ekitaldian. Egungo gizartearen erronka handiez jardun zen, baina horiei aurre egiteko gai izango den herri bat irudikatu zuen: "Nazio feminista, sozialista, burujabea, ekologista, parekidea".
"Bloke historiko bat eraiki behar dugu, nazio hau merezi duen estatusera eramateko". Siglez harago joan beharra aipatu zuen Otegik: "Herri honetako indar guztiak artikulatu behar dira: herri mugimenduetatik, sindikatuetatik, alderdi politikoetatik, norbanakoetatik, eta lidergo berri batekin".