Euskaraldiaren hirugarren aldia, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko aza. 20a, 15:53
Iruñeko Zentral aretoan aurkeztu dute hirugarren edizioa.

2020ko edizioa pandemiak baldintzatu ostean, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Gaur eguerdian Iruñean egindako aurkezpenean nabarmendu dute, besteak beste, 2022a hitza eta ekintza eskutik joango diren urtea izango dela: "Euskaltzaleon urtea izan behar da 2022a, hitzez eta ekimenen bidez euskararen aldeko giro sozial indartsu bat berraktibatzeko eta ariketa sozial eraldatzaile indartsu bat egiteko urtea".

Euskaraldiaren lehen bi edizioetan jasotako ondorioak oinarri modura hartuta, antolatzaileek azken hilabeteotan hurrengo Euskaraldiaren ezaugarriak eta helburuak zehaztu dituzte. Gaurko ekitaldian azaldu dutenez, hizkuntza ohiturak aldatzeko sortutako ekimenak proposamen berriak egingo dizkie partaideei, orain arteko ahobizi eta belarriprest rolei eutsita, landu nahi dituzten hizkuntza portaerak errazago eta jantziago burutu ditzaten. Orain arte, Euskaraldiak euskararen erabilera handitzeko traba diren arau sozialetan eragin nahi izan du, ohitura eta portaera berriak proposatuz. Hurrengo urtean hizkuntza ohitura horiek aldatzeko herritarrek tresna eraginkorragoak izatea da lehentasuna.

Era berean, bigarren edizioan berrikuntza nabarmena izan ziren ariguneak finkatzeko urtea izango da hurrengoa. Izan ere, pandemiaren eraginez ezin izan zen nahi beste entitateetara heldu 2020 urtean, eta hurrengo urtea izango da bigarren edizio horretan probatutako ildo hori zabaldu eta sakontzeko urtea.

Hurrengoa "mugarri" izango den esperantza

Antolatzaileen arabera,  pandemiaren eragina "nabarmena" izan zen 2020ko azaroan eta abenduan egindako Euskaraldiaren bigarren edizioan. Gerora ere, euskararen gizarteratzean eta kale presentzian eragin hori luzatu egin da; hurrengo Euskaraldia mugarria izatea da helburua: batetik, euskararen aldeko giro sozialak kale presentzia areagotu dezan eta, bestetik, euskarazko elkarrizketek berriro ere Euskal Herri osoko herrietako plazak eta kaleak bete ditzaten.

Euskararen inguruko ekimenek protagonismoa izango dute 2022 urtean, asteon aurkeztu den 22. Korrika kasu: "Urte garrantzitsua izango da herriz herri antolatutako euskaltzale sareak antolatzen eta indartzen jarraitzeko. Euskaltzaleon urtea izan behar da 2022 urtea, hitzez eta ekimenen bidez euskararen aldeko giro sozial indartsu bat berraktibatzeko eta ariketa sozial eraldatzaile indartsu bat egiteko urtea".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak