Avanza Gipuzkoa enpresaren barruan dagoen PESA garraio konpainiako hainbat autobus gidarik lanuzteak egin dituzte azken asteetan. Gaur, azaroak 19, aldarrikapenekin jarraitzeko asmoa zuten, zenbait orduz gutxienezko autobus zerbitzuak soilik eskainiz.
Bada, gaur goizean Avanza Gipuzkoak negoziazio mahaian esertzeko proposamena egin dio enpresa batzordeari. Eskaintza onartzeaz gain, negoziazioak dirauen bitartean lanuzterik ez egiteko erabakia hartu dute grebalariek; batzordeko kide batek Goienari adierazi dionez, "borondate oneko" ekintza gisa hartu duten erabakia izan da.
Lehen bilera
Azaroaren 23an, asteartea, izango dute Avanza Gipuzkoako arduradunek eta enpresa batzordeko kideek lehen hitzordua. PESAko langilearen hitzetan, Donostiako egoitzan izandako bilerak emandakoaren araberakoa izango da datozen asteetan hartuko duten jarrera: "Negoziazioak bide onetik badoaz, amaitutzat emango ditugu lanuzteak; hala ere, gure eskaerak aintzat hartzen ez badira ez dugu baztertzen intentsitate eta maiztasun handiagoko mobilizazioekin jarraitzea".