Emakume Ekintzaileen Nazioarteko Egunaren aitzakian, Mondragon Team Academy komunitate globalak zenbait emakume ikaslek egindako lana "goraipatu" nahi izan du. Horretarako, Mondragon Unibertsitateko Lidergoa, Ekintzailetza eta Berrikuntza gradua (LEINN) ikasi duten 50 emakume sortzaileren zerrenda argitaratu da. Egun, guztiek bi ezaugarri partekatzen dituzte: 30 urte bete gabe dituzte, eta enpresa "sendoen jabe" dira hainbat sektoretan.
Ekintzailetza da, hain zuzen, gradu honen berezitasun nagusia. "Unibertsitatera sartu eta lehen egunetik hasten dira horretan; 18 urterekin ekiten diote ekintzailetzari", adierazi dute MTAko kideek prentsa ohar bidez. Bide horretan, hezkuntza zentroaren arabera "emakumeen ahalduntzea bultzatzen dute munduan", eta zerrenda honen bidez ere emakume ekintzaileen lana balioetsi nahi izan dute.
Bailarako proiektua
Zerrenda aztertuta, EAEko, Nafarroako, Herrialde Katalanetako, Madrileko zein Mallorcako emakume ekintzaileak ageri dira; baita Ameriketako kasuren bat edo beste ere. Bailarako izenik aipatzen ez duten arren, bada 50eko zerrendan bailaran kokatuta dagoen proiektu bat. Zehazki, Eider Etxeberria eta Beatriz Santamariaren Bizipoz kooperatiba ageri da, adinekoen ahalduntzea helburu, zahartze aktiborako programak diseinatzen eta garatzen dituen enpresa.
Mondragon Unibertsitatearen webgunean dago ikusgai zerrenda osoa.