Bueltan da Gabonetako Emakumezkoen Futbol Txapelketa

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 18a, 15:20

Gabonetako Emakumezkoen Futbol Txapelketako artxiboko irudia

Urtebeteko geldialdiaren ostean, abenduaren 29 eta 30ean itzuliko da Gabonetako Emakumezkoen Futbol Txapelketa. Arizmendi Ikastolak antolatuko du XVI. edizio hau ere, eta bailarako neskak kirola egitera motibatzea zein kirol elkarteen arteko harremanak sustatzea dira xede nagusiak. Alebin, infantil, kadete eta senior mailetako futbolariak lehiatuko dira Ibarrako soropilean.

2020ko behartutako geldialdiaren ostean, abenduaren 29 eta 30ean bailarako zein inguruko herrietako futbolariak Ibarra futbol zelaian izango dute hitzordua. Arizmendi Ikastolak antolatuta, Gabonetako Emakumezkoen Futbol Txapelketaren XVI. edizioa jokatuko da.

Prentsa ohar bidez adierazi dutenez, "bailaran emakume gehien" biltzen dituen kirol elkartea da Arizmendi Kirol Elkartea; zehazki, 235 kirolari ari dira, gaur-gaurkoz, diziplina ezberdinetan. Bada, txapelketa hau antolatzearen arrazoi nagusietako bat kirolari emakumeen bidea urratzen jarraitzean datza, "Debagoieneko neskak kirola egin dezaten motibatzea", hain zuzen. Horrez gain, eta bailarako txapelketa izaki, "beste herrietako kirol elkarteekin harremanak sustatzea" ere badu helburu ekimenak. 

Lau maila eta hamaika talde

Aurten ere lau mailatan eta bi modalitatetan lehiatuko dira futbolariak. Alebin, infantil eta kadete mailako neskek 8ko futbolean neurtuko dituzte indarrak; senior mailako neurketetan, aldiz, 22 jokalari zelairatuko dira.

Abenduaren 29an beheko mailetako kirolarien txanda izango da, eta bailarako Arizmendi, Aloña Mendi eta Bergaraz gain, Lagun Onak, Tolosa, Goierri Gorri, Mutriku, Billabona eta Atletico Lince izango dira Ibarran. Maila goreneko txapelketa, berriz, abenduaren 30ean jokatuko da; Debagoieneko Selekzioa, Reala eta Atletico Lince arituko dira nor baino nor gehiago.

Prentsaurrekoa

Txapelketaren xehetasun guztiak abenduaren 10ean egingo duten prentsaurrekoan emango dituzte jakitera. Bertan izango dira, besteak beste, Realeko emakumezkoen futbol arduraduna den Garbiñe Etxeberria, Aretxabaletako kirol zinegotzi den Koldo Zubillaga, Arizmendi Ikastolako zuzendaritzako kide den Aitor Guridi, eta Arizmendi Kirol Elkarteko kide den Gari Ibarzabal.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak