Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute 2022an egingo den 22. Korrika, eta iaz pandemiak behartuta egindako geldialdiaren ostean, "ohiko karrera" egin gura dutela esan dute antolatzaileek, beti ere, "unean uneko eta tokian tokiko egoerara moldatuz".
'Hitzekin', hitza eta ekintza uztartuz
Hitzekin izan da aukeratutako leloa: "Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, hiztun proaktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak"
Pirritx, Porrotx eta Marimots
Ohitura den moduan 22. Korrikan omenaldirako tartea ere hartuko da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek jasoko dute aitortza hori: "34 urteko ibilbidea euskal munduan eta euskaraz, orainaldi eta etorkizunari begira. 1987tik, haiei esker askok ere ekin diogu eta datozen belaunaldiek ere ekingo diote".
Datozen hilabeteetan emango dituzte antolatzaileek 22. Korrikaren xehetasun gehiago, besteak beste, ekimenak egingo duen ibilbidea edota laguntzeko aukerak.