EH Bilduk "Bilboko kaleak betetzera" gonbidatu ditu "berdintasunean oinarritutako Euskal Errepublika librearen eraikuntzan aurrera egin behar dela uste duten euskal herritarrak". Adierazi dutenez, "independentziaren, politika publiko eta sozial aurreratuen eta euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa" izango da. Koalizioak nabarmendu du ez dela "beste manifestazio bat" izango, eta gogora ekarri du pandemia hasi zenez gero antolatu duten "lehen mobilizazio handia" dela, eta "euskal komunitate independentistaren berrelkartze bat", beraz.
"Ahuldu eta desagerrarazi nahi duten komunitatea delako gurea, ezkerreko independentismoa gorpuztu eta errotzen duena. Ultraeskuin faxistari, publikoaren pribatizatzaileei, prekarietatea errezeta bakartzat dutenei, munduaren etorkizuna errausten dutenei, euskara desagerrarazi nahi dutenei eta, finean, euskal herritarron eskubideak murrizten dituztenei aurre egiten dien komunitate konprometitu, askatzaile eta berdinzalea"; horregatik guztiagatik, oso garrantzitsu jo dute "independentismoa ahul dagoela esaten duten guztiei oso erratuta daudela" erakustea. "Nazio librea, justua, feminista, ekologista, antifaxista, euskalduna eta baketsuarekin konprometituta gaude".
Bilborako autobusak
Izena emateko, Inkernura jo behar da Eskoriatzan; Urbaltzera, Aretxabaletan; Taupara edo Iratira, Arrasaten; Arranora, Oñatin; Arranora edo Pol-Polera, Bergaran; Haizeara, Elgetan; eta Aitz Garbira, Antzuolan. Bazkalostean aterako dira autobus denak.