Iazkoa baino %7,7 handiagoa den aurrekontu proposamena osatu du Udal Gobernuak 2022rako

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 16a, 16:08

Herritarren "ongizatea bermatzea helburu", Bergarako Udal Gobernuak iazkoa baino %7,7 handiagoa den aurrekontu proposamena osatu du 2022rako. Dagoeneko esku artean du proposamena oposizioak, eta azaroaren 24ra arteko epea izango du ekarpenak egiteko. Besteak beste, sustapen ekonomikoari eta gizarte zerbitzuei bideratutako diru-poltsak handitu dira.

Bergarako Udal Gobernuak 2022rako aurrekontu proposamena osatu du. 27.212.333€-ko proposamena bidali die oposizioko alderdiei, 2021ekoa baino %7,7 handiagoa, eta azaroaren 24a bitarte izango dute azken hauek ekarpenak egiteko tartea. Udal Gobernuak prentsa oharrean jasotako hitzetan, "aurreikuspena da abenduan onartzea".

"Une honetan beharrezkoa da ohikotasunera urratsak ematea, eta lehentasunezko arloak aintzat hartuta, proiektu berriak eta berritzaileak sortzea, eraikitzaileak izatea", adierazi du Udal Gobernuak. Bide horretan, "adin eta behar desberdinak dituzten herritarrei erantzuteko asmoz landu dira hainbat proiektu"; besteak beste, eguneko zentro arinaren proiektuarekin jarraitzea, pertsona nagusien mahaia osatzea edo aniztasun funtzionala duten gazteentzat aisialdi eskaintza egokitzea. Gizarte Zerbitzuetara bi milioi eta erdi eurotik gora bideratzea proposatzen da, iaz baino %6,3 gehiago.

Ekonomia, turismoa, berritzeak eta herritarrak

Beste hainbat proiektu eta proposamenen artean, lau alor azpimarratu nahi izan ditu Udal Gobernuak helarazitako oharrak. "Ehun ekonomiko indartsua" egoteko, sustapen ekonomikora 2021ean baino %15 gehiago bideratzea proposatu du Udalak (693.251€, orotara); "datozen egunetan" aurkeztuko den plana oinarri, turismoan "urrats kualitatiboa" emateko aurrekontua %18an handitzea proposatzen da; Zubieta eta Masterreka kaleen berritzeei 1.025.000€ eskainiko zaizkie; eta, azkenik, herritarrek proposatutako ur-jolasetarako ur-txorrotak egiteari 300.000€ bideratzea proposatu da.

Bergarako Udalaren webgunean daude ikusgai aurrekontu proposamenaren oinarri nagusiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak