Goizeko 8:35ean hiru ibilgailuren arteko istripu bat izan da GI-627 errepidearen 35. kilometroan, Arrasatetik Aretxabaletarako noranzkoan. Arrasateko Ospitalaren atzean gertatu da ezbeharra, saihesbidearen hasieran. Auto pilaketa handiak izan dira bi noranzkoetan, besteak beste, goizeko 9:00tik 11:00ak bitarte errepidea itxita egon delako.
Segurtasun Sailak Goienari emandako informazioaren arabera, hiru pertsona zauritu dira ezbeharrean, eta hiruak Arrasateko Ospitalera eraman dituzte. Kaltetuetako bat, gainera, harrapatuta gelditu da autoaren barruan, eta suhiltzaileek atera behar izan dute.
Bi autoren arteko kolpea
Aipatutakoa ez da izan, baina, goizak utzi duen trafiko ezbehar bakarra. Izan ere, goizeko 7:55ean bi autoren arteko talka bat izan da GI-627 errepidean, Bergara inguruan, Maltzagara bidean. Kasu honetan, baina, ondorio materialetara mugatu da istripua.