Arrasatetik Leintz Gatzagara korrikan, San Milixan Egunaren aitzakiapean

Mirari Altube Arrese 2021ko aza. 15a, 16:24

Hamar laguneko taldetxoa Arrasatetik Leintz Gatzagara joan zen takarraran atzo, azaroak 14. San Milixan egunaren bueltan antolatutako ekimena da, 2015etik urtero egin izan dutena pandemia iritsi arte. Eta iazko etenaren ondoren "gogotsu" egin dute aurten, seigarrenez.

Arrasatearrek, aretxabaletarrek eta eskoriatzarrek osatutako taldetxoak Arrasateko Errementari plazan zuen eginda hitzordua atzo goizean. Ateri eta halako ibilaldi baterako giro ezin hobea izanik, gogotsu ekin zioten ibilbideari. Bidegorritik aurrera, Aretxabaleta eta Eskoriatza zeharkatu zituzten, eta Kuatruenetik aldapan gora, Gatzagako bidea hartu zuten.

Gorosarri landetxera iritsitakoan geldialditxoa egin zuten urtero legez. Edatekoa, fruta eta intxaurrak eskaini zizkieten han. Behin indarrak berreskuratuta, aurrera jo zuten eta 13:00etarako Leintz Gatzagara iritsi ziren.

Bigarrenez egindakoei, txapela

Ohiturari eutsiz, bigarren aldiz parte hartutakoei txapela oparitu zien Gatzagako Udalak. Oraingoan, Nestor Aranak eta Peli Beltran de Herediak jaso zuten hori Beñat Agirreurreta Kirol zinegotziaren eskuetatik. Eguna borobiltzeko, Juanito Bengoa zinegotziak prestatutako babarrunak eta ardia bazkaldu zuten Toki Eder elkartean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak