Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, manifestazioak egin ziren zapatuan Bilbon, Iruñean, Gasteizen, Tafallan, Eibarren eta Donostian. Estatu mailan egindako deialdiekin bat egin zuten aipatutako sei mobilizazioek, eta antolakuntzaren arabera, 12.000 pertsona atera ziren kalera.
Jose Luis Escrivá ministroak ezarri nahi duen pentsioen errebalorizazio-indize berria aplikatzeak izango dituen "ondorio larriak" salatzea izan zen mobilizazioen zioa; hots, "ia ez diotela publizitaterik eman ikusita, gure mobilizazioekin jarraitzea beste erremediorik ez dugu izango", adierazi zuten antolatzaileek.
Ondorioak
Errebalorizazio horrek eragin zuzena izango luke, pentsiodunen arabera, atzeraeginezko ordainketetan zein pentsioen urte amaierako eguneraketetan. Ohar bidez adierazi dutenez, "aurten aplikatzen bada, orain arte ezarritakoaren arabera dagokigun ordainketatxoaren erdia baino gutxiago jasoko dugu; KPIa urte amaieran %5,5ekoa bada, %3ko galera izango genuke". Pentsioen eguneraketari dagokionez, "urte amaieran pentsioak %5,5ekin erregularizatu beharrean, %2,5arekin soilik erregularizatzen badira, 2022ko igoera %3 txikiagoa izango da", adierazi dute.