Mondrak irabazi du Aloñaren aurkako derbia, eta UDAk sendo jarraitzen du

Hasier Larrea 2021ko aza. 14a, 18:56

Aloña aurreratu da markagailuan, baina sarraiagileek bi golekin erantzun dute, eta hiru puntuak Mojategin geratu dira. Aretxabaletarrek Real Union jaso dute Ibarran; Unanueren hiru golek Touring-ekin lidergoa partekatzen jarraitzea ahalbideratu diete.

Oñatiarrek aukera polita zeukaten gaur Arrasatera egin duten bisitan bizilaguna gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako sailkapenean aurreratzeko, baina azkenean Mondra nagusitu da markagailuan, 2-1eko emaitzarekin. Hala, gora begira jarraitzen du talde zuri-moreak, Touring eta UDArengandik bost puntura. Hain zuzen errenteriarrak izango dira datorren astean Mojategira etorriko direnak. Aloña gaur jasotako kolpeari buelta ematen saiatuko da Amaikak Baten aurka, sailkapeneko azkenak, hain zuzen.

UDA-k 3 eta 2 irabazi dio gaur arratsaldean Real Unioni, Jon Unanue aurrelariaren hat-tricka ondo baliatuta. Datorren astean bakarkako lider jartzeko aukera izango du Euskaldunak taldearen aurrean, beti ere Mondrak Touring-en aurka puntuatzen badu.

Bergara, lokatzetan

Sailkapenean arnas pixka bat hartzeko garaipena eskuratu nahi izan zuten atzo mahoneroek Agorrosinen, baina hernaniarrek sartutako gol bakarrak porrota ekarri zien. Hala, azken bigarren postuan jarraitzen du Bergarak.

Leintz Arizmendik, ezin

Gaur arratsaldeko beste futbol partidu bat emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailan Hernanik eta Leintz Arizmendik jokatutakoa izan da. Etxeko taldea 2-0 gailendu da azkenean, beraz, bailarako futbolariak esku hutsik itzuli dira. Bergarak atzo arratsaldean ere galdu egin zuen etxean Mariñoren aurka; hiru gol sartu zituzten arren, aurkariak gol bat gehiago egitea lortu zuen.

Antzuolak, porrota UDArekin

Mondra eta Aloñaren artekoa ez da gizonezkoen asteburuko derbi bakarra izan. Atzo Eztala futbol zelaian Aretxabaletako bigarren taldea jaso zuten antzuolarrek; hiru goleko aldearekin irabazi zuten bisitariek (1-4). Burua ezin altxa jarraitzen du Antzuolak, punturik ez baitu eskuratu jokatu dituen bederatzi partiduetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak