Jende ugari batu da gaur goizean Labegaraietako kiroldegian, kadete, gazte eta 21 urtez azpiko mailetan aritzen diren karateken arteko lehiak bertatik bertara jarraitzeko. Euskadiko Karate Federazioak, Bergarako Udalak eta Shotokan Karate klubak antolatu dute hitzordua. Joxean Iñarra Shotokaneko entrenatzailea "oso pozik" azaldu da jardunaldiak eman duenarekin, baita bere karatekek eman duten mailagatik ere.
Emakumezkoetan, hiru urre
Kumite modalitatean aritu diren bereziki fin bailarako ordezkariak. Euskal selekzioarekin dabilen Ariane Martin bergararra onena izan da 53 kiloz azpiko gazte mailako kumite modalitatean. Bere taldeko Naia Perez ere txapeldun izatetik gertu egon da; 21 urtez azpiko eta 55 kiloz azpiko kategorian hirugarren gelditu da azkenean.
Martinena ez da debagoiendarrek lorturiko urre bakarra izan. Joanna Perez aretxabaletarra nagusitu baita 21 urtez azpiko eta 61 kiloz azpikoan. Brontzea lortu du, gainera, kata modalitatean.
Aloña Mendiko Alazne Unzurrunzaga eta Karmele Egañak elkarren aurka neurtu dituzte indarrak 61 kiloz gaindiko 21 urtez azpiko finalean. Lehena bigarrenari nagusitu zaio azkenean, baina bi dominak, urrea eta zilarra, Oñatira joan dira.
Gizonezkoetan, bi zilar
Arrasateko Saioa karate klubeko Iosu Madinabeitiak ere maila txukuna erakutsi du, bigarren sailkatua izan baita kata modalitatean eta 67 kiloz azpiko kumiteetan, 21 urtez azpiko kategorian.
Espainiako txapelketarako hautagaiak
Emaitza onenak eskuratu dituzten karatekek Malagan jokatuko den Espainiako txapelketara euskal selekzioarekin joateko aukera asko izango dituztela nabarmendu dute antolatzaileek.