2021eko Gabonetako Loteriako iragarkia zuzendu du Aitor Arregik, Garaño eta Goenagarekin batera

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 11a, 15:28

Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi eta Jon Garaño, artxiboko irudi batean

Cadena de décimos (Dezimo katea) izenpean, eta Moriarti gisa sinatuta, 2021eko Gabonetako Loteriako iragarkia zuzendu dute Jose Mari Goenagak, Jon Garañok eta Aitor Arregi oñatiarrak. Hiruek egin duten lehen publizitate iragarkia izan da, eta Arregik Goienari adierazi bezala, "ikasketa prozesu trinkoa" izan da; era berean, emaitzarekin "oso pozik" agertu da zuzendaria. Bihar bertan aurkeztuko dute hurrengo proiektua.

Publizitatearen munduan sona handia izan ohi duen iragarkia da Gabonetako Loteriarena, Aitor Arregi zine zuzendari oñatiarrak Goienari adierazi bezala, hein batean "estatuko hedabideetan, eta batez ere, telebistetan izaten duen zabalkunde mailagatik". Bada, Moriarti gisa sinatu arren, Arregik berak, Jose Mari Goenaga oriotarrarekin eta Jon Garaño ordiziarrarekin batera, zuzendu du 2021eko iragarkia. Hiruek egin duten lehen iragarkia.

Lobo Kane produktora madrildarrak elkarlanerako bidea ireki zieten hiru zuzendari euskaldunei, eta uda amaieran jaso zuten proiektua aurkezteko proposamena. "Hiru proiektu eskatu zituzten, tartean gurea, eta agentziak berak erabaki zuen hiruetako zeini esleitu behin-betiko iragarkia", adierazi du Arregik. Iraila "erdi inguruan" izan zuten hautaketaren berri, eta buru-belarri jarri ziren lanean: "Zinearekin antzekotasun handiak dituen arren, askoz azkarragoa izan da prozesu guztia". Urrian egin zituzten grabazio zein errealizazio lanak, eta gaur aurkeztu da iragarkia; "ikasketa prozesu trinko" bezala definitu du oñatiarrak azken bi hilabeteetan bizi izan duen esperientzia.

Cadena de décimos (Dezimo katea) izena jarri diote Elizondo eta inguruetan grabatutako iragarkiari, eta El sorteo que nos une (Batzen gaituen zozketa) izan da erabilitako eslogana.

Bihar, aurkezpena

Egindako lanarekin eta eraikitako harremanekin "oso pozik" agertu arren, egun esku artean beste hainbat proiektu darabilte Arregi, Goenaga eta Garañok. Zuzendariaren hitzetan, "datetan kointziditu digu iragarki hau egin ahal izateak, baina etorkizunean ez dakigu publizitatean jarraituko dugun". Bide horretan, eta "hainbat egitasmo etapa ezberdinetan izan arren", oñatiarrak Goienari aurreratu dio bihar bertan aurkeztuko dutela hurrengo proiektua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak