Euskaratutako telefonoak bikoiztu egin dira astebetean 'Egunean Behin'-eko jokalarien artean

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 9a, 18:13

Egunean Behin tribial estiloko galdera-erantzun jokoak telefonoa euskaratzeko kanpaina jarri zuen martxan azaroaren lehen astean. Zure hatz marka euskaraz lelopean, eta Eusko Jaurlaritzak babestuta, iOS zein Android sistema eragileetan aldaketa nola egin azaltzen zuten hainbat argibide jarri zituzten erabiltzaileen eskura. Astebetean, euskaratutako telefonoak %13,69tik %27,37ra igaro dira Egunean Behineko jokalarien artean.

Urriaren 30ean egin zuten neurketa: Egunean Behineko erabiltzaileen %13,69ak euskaraz zuen konfiguratuta mugikorreko sistema eragilea, eta %86,31ak, aldiz, gazteleraz. Tribial estiloko galdera-erantzun jokoak astero jasotzen dituen laguntzen artean, Eusko Jaurlaritzak babestutako Zure hatz marka euskaraz kanpaina jarri zuten abian azaroaren 1ean. Helburua: ahal beste herritarren telefono mugikorretako hizkuntza nagusia euskara izatea. Bada, azaroaren 7an egindako neurketen arabera, aplikazioaren erabiltzaileen %27,37ak zuen euskaratua telefonoa; zortzi egun lehenago euskara lehenetsita zuten erabiltzaileen bikoitza, alegia.

Sistema eragileen arteko datuak aldaratuz gero, eta CodeSyntax aplikazioaren garatzaileen arabera, "eragin handiagoa izan du kanpainak iOS sistema darabilten mugikorren artean"; hots, %9,2tik %21,53rako igoera izan du. Android mugikorretan, aldiz, %14,82tik %28,84 handitu da euskaratuen ehunekoa, baina "euskaratuagoa zuten telefonoa Android-dunek".

Bideotutorialak, sarean

Hala ere, datu hauek "minoritarioak" direla adierazi dute garatzaileek; izan ere, "euskaraz nabigatzen dugun bitartean, euskarazko edukiak eta zerbitzuak erabiltzen, erdarazko konfigurazioarekin ari gara euskaldun gehienak". Hala nahi duen orok, Zure hatz marka euskaraz webgunean aurkitu ditzake telefonoak euskaratzeko beharrezko ikus-entzunezkoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak