Oinetako bilketa egingo du Zaporeak elkarteak azaroaren 13an

Mirari Altube Arrese 2021ko aza. 8a, 17:39

Neguaren etorrerak Lesboseko kanpamenduetako errefuxiatuen bizi-baldintzak asko zailduko dituela jakitun, Zaporeak GKEak oinetako bilketa solidarioa antolatu du. Egoera onean dauden botak, zapatilak eta zapatak (takoidunik ez) batuko dituzte datorren zapatuan, hilaren 13an. EAEko hiriburuetan eta beste hainbat herritan egingo dute bilketa hori, baita Debagoienean ere.

Greziako errefuxiatuen zelaietan ez dutela tresnarik eta azpiegiturarik tenperatura baxuei aurre egiteko adierazi dute Zaporeak elkartetik. Eta horregatik, oinetako bilketa antolatu dute, "neguko hilabeteak pixka bat hobetzen saiatzeko". Egoera onean dauden eta erosoak diren oinetakoak jasoko dituzte, eta herritarrak bilketa horretan parte hartzera gonbidatu.

Hona hemen azaroaren 13an bilketa egingo duten Debagoieneko herriak:

Oñati:

  • Udaletxeko arkupetan, 10:00etatik 14:00etara.

Arrasate:

  • Herriko Plazan, 10:00etatik 13:30era.
  • Azaroaren 8tik 12ra bitartean herriko ikastetxeetan.

Aretxabaleta:

  • Udaletxe zaharrean, 10:00etatik 14:00etara.

Eskoriatza:

  • Kontzejupean, 10:00etatik 13:00etara.

Aramaio:

  • Sastiñan, 11:30etik 13:00etara (eguen eta egubakoitzean ere bai, 17:00etatik 18:30era).

Egunero 1.200 jatordu

Zaporeak-eko kideek gogorarazi dute egunero 1.200 errefuxiaturi baino gehiagori jaten ematen jarraitzen dutela Lesbosen –Kara Tepe zelaian–: "2015az geroztik, bi milioi bazkari duin baino gehiago banatu eta prestatu ditugu maitasunez, eta mila boluntariok baino gehiagok parte hartu dute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak