Euskara eta memoria historikoa ardatz, bueltan da Udagoieneko Ostera Hegan kontzertu zikloa

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 8a, 16:47

Euskaltzaleen Topaguneak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, Udagoieneko Ostera Hegan kontzertu zikloa antolatu du aurten ere. Euskara eta memoria historikoa ardatz, Bizkaiko hiru toki enblematikotan kontzertu akustiko bana eskainiko dute Mikel Urdangarinek, Xamanak eta Olatz Salvadorrek. Azaroaren 12tik 28ra, emanaldiak online eta muxutruk ikusi ahal izango dira.

Gaur goizean egin dute Udagoieneko Ostera Hegan 2021eko aurkezpena Euskaltzaleen Topaguneko arduradunek eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek. Musika zikloan parte hartuko duten Olatz Salvador eta Xamanak taldeko Endika Lahain ere izan dira agerraldian.

Azaroko hiru asteburutan egingo den kontzertu ziklo honek hainbat helburu ditu bi erakundeetako arduradunen hitzetan. Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak adierazi duenez, "kulturaren bitartez euskararen erabilera hauspotzea da helburu nagusia, herritarrei euskaraz kalitatezko kultur emanaldiak eskainiz eta Bizkaiko industria kulturala indartuz". Horrez gain, Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko Zuzendariak oroimen historikoa hartu du mintzagai: "Iraganean gertatutakoa gogoratzea izan da aurtengo edizioaren helburuetako bat". Izan ere, altxamendu frankistak bortizki erasandako kokalekuak izango dira aurtengo kontzertuen aterpe.

Hiru

Hiru izango dira kontzertuak, hiru kokalekuak, hiru emanaldiez gozatu ahal izango diren asteburuak. Zehazki, honakoa da aurtengorako prestatu duten egitaraua:

  • Azaroaren 12tik 14ra - Mikel Urdangarin, Otxandioko Andikona Plazan
  • Azaroaren 19tik 21era - Xamanak, Barakaldoko Munoa Jauregian
  • Azaroaren 26tik 28ra - Olatz Salvador, Ondarroako Saturraraneko pasabidean

Pasa den urtean irekitako bideari segika, emanaldiak dohainik izango dira, baina soilik udagoienekoostera.eus webgunean eta dagokien asteburuan egongo dira eskuragarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak