Karmele Igartua idazlearen omenezko XI. sorkuntza lehiaketa deitu dute Aretxabaletako Udalak eta Bergarako Idazle Eskolak, eta aurten narrazioak eskatu dituzte. Euskaraz idatzita egon beharko dute horiek eta gaia librea izango da. Narrazio luze bakarra edo narrazio-bilduma aurkeztu ahal izango da, parte-hartzaile bakoitzak bakarra.
Lanak bidaltzeko azken eguna azaroaren 30a da. Posta arruntez bidali ahal izango dira udaletxera –Otalora kalea 1–, edo bertan aurkeztu; posta elektronikoz ere helarazi ahal izango dira, helbide honetara: kultura@aretxabaleta.eus.
Epaimahaia izendatuko du Idazle Eskolak eta erakunde horretako kideek eta literatura munduko hainbat lagunek osatuko dute. Jasotako lan guztiak aztertu ondoren aukeratuko dute irabazlea, eta erabakiaren berri urtea bukatu aurretik eman; lan horren egileak 2.500 euro jasoko ditu saritzat.