Labainkor eta arriskutsu daude Debagoieneko errepideak, bereziki zirkulazio handiko saihesbide zatiak, eta baita Oñati eta Elorregi arteko zenbait tramu ere. Hala, arratsalde bakarrean hiru istripu izan dira bailaran, zenbait zauriturekin.
Lehena, Arrasaten; beste biak Elorregi eta Oñati artean
GI-627 errepidean hiru autok izan dute istripua. Gidarietako bat autotik atera behar izan dute suhiltzaileek, eta belauneko minarekin, Debagoieneko Ospitalera eraman dute. Arrasateko udaltzainak bertaratu dira trafikoa zuzentzera, eta autoak herri barrutik desbideratzen ari dira. Herri barruan ere auto pilaketak sortu dira.
Hiru minutu geroago, 14:15ean, Oñatitik Elorregira zihoan auto bat irauli egin da. Autoko bidaiariak kanpora atera dira, kea irteten hasi denean. Suhiltzaileak bertaratu dira, baina, autoak ez du surik hartu. Auto errepidean dago oraindik, eta horrek pilaketak eragin ditu Elorregira doazenen artean, bai Oñatitik eta baita Bergaratik ere. Eta, sarreran aipatu moduan, arratsaldeko hirugarren istripua 15:45ean gertatu da. Zubillaga atzean utzi eta Elorregirako norabidean zihoan autoak istripua izan du, eta autoa irauli da. Ondorioz, zauritu bat eraman dute Debagoieneko ospitalera.