GKSren Leintz bailarako aurkezpena, Arrasaten

Julen Iriondo M. de Zuazo 2021ko aza. 5a, 14:36

Gazte Koordinadora Sozialistak gaur emango du bere buruaren berri, kapitalismoaren gaineko hitzaldiarekin –iragarrita zegoen bigarren hitzaldia atzeratu egin dute–. Bihar, berriz, Streetwise, Crap eta Herdoil taldeek joko dute gaztetxean.

Gaur, egubakoitza, 19:00etan Kulturaten egingo duen hitzaldiarekin egingo du GKSk Leintz bailarako aurkezpena. Gazteak eta bizi eredu kapitalista izango da izenburua, eta erakundeko kideek honela azaldu dute gaiaren funtsa: "Bizi eredu jakin bat bizitzera bideratzen du burgesiak gazteria, eta, bizi eredu horretatik, burgesiak lortzen duena da gazteriarekiko kontrola eta etekin ekonomikoa ateratzea".

Egitaraua amaitzeko, bihar, 22:00etan hasita, kontzertuak izango dira gaztetxean, Crap arrasatearrekin eta Streetwise eta Herdoil iruindarrekin. Sarrerak emanaldia hasi aurretik salduko dituzte han bertan, bost eurotan.

Erakundearen nondik norakoak

Gazte Koordinadora Sozialistak "klaserik gabeko gizartearen eraikuntza" dauka helburu, bai eta "zapalkuntza eredu guztiak gainditzea" ere: "Horretarako bitarteko politikoa proletariotzaren antolakuntza komunista dela defendatzen dugu, burgesiarekiko independentzia politikoan antolatu behar dena".

Gazteen esparruko antolakundea da, gazteen artean "botere burgesaren askotariko dinamikak borrokatzeko eta, aldi berean, gazteria antolakuntza komunistara batzen joateko" asmoz diharduena: "Alde horretatik, askotariko lan dinamikak jartzen ditugu martxan: askatasun politikoen aurkako erasoak salatzeko dinamikak; gazteriaren formakuntza politikoa bultzatzeko ekimenak; unean uneko auzien inguruan hausnartzeko jardunaldiak; militantzia politikorako beharrezko espazioak ondo jartzeko lan egunak; eta abar, eta abar".

GKSren lana "euskal estatu sozialista lortzera eta proletariotzaren antolakuntza komunista eskala eta esparru guztietara zabaltzera" dago bideratuta, diotenez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak