Familien arteko bazkari interkulturalak antolatu ditu 'Bizilagunak' egitasmoak azaroaren 14an

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 5a, 13:28

Herritarren arteko estereotipoak eta aurreiritziak apurtzeko zein arrazakeriaren aurka borrokatzeko, Bizilagunak ekimenak bazkari interkulturalak antolatu ditu Euskal Herri guztian zehar; tartean, baita Debagoienean ere. Azaroaren 14an egingo dira otorduak, eta izena ematea beharrezkoa da anfitrioi, gonbidatu zein dinamizatzaile gisa parte hartzeko.

IX. denboraldiz, bueltan da Bizilagunak egitasmoa. Hainbat elkarte eta erakundek babestutako proiektu honek herritarren arteko estereotipoak eta aurreiritziak apurtzea zein arrazakeriaren aurka borrokatzea du helburu, beti ere bertakoen eta migratzaileen arteko harremanak sortuz eta ehunduz. Debagoieneko kasuan, Arrasateko Udalaren aniztasun saila, Ekin Emakumeak, AMS, IMME, Fundacion Goyeneche, Harrera Etxea Arrasate eta Gipuzkoako SOS Arrazakeria ari dira antolakuntza lanetan.

Azaroaren 14an, domeka, izango dute bizilagunek zita. Aurten arte etxean antolatzen ziren bazkariak, baina ingurune itxietan biltzea saihestea helburu, hiri eta herrietako parke, merendero eta berdeguneetara zabaldu nahi izan dute antolatzaileek ekimena. Proposamen hau da, hain zuzen, aurtengo berritasun nagusia.

Hiru aukera

Bertako zein migratzaile, hiru aukera dituzte herritarrek bazkarietan parte hartzeko: anfitrioi den familia bezala, gonbidatu den familia gisa edota familiak elkar ezagutzen laguntzeko ardura izango duten dinamizatzaile modura. Urtero bezala, familia bakoitza bere jaioterriko plater edota janari tipikoa prestatzeaz arduratu beharko da.

Izen-ematea

Parte-hartzeko eta enkontruak antolatzeko ezinbestekoa da izena ematea, eta antolatzaileek hiru bide jarri dituzte horretarako. Galdetegi bidez eman dezakete izena bai familiek eta baita dinamizatzaileek ere, eta horrez gain, 943 32 18 11 telefonora deituta zein bizilagunak@sosracismo.eu helbidera idatzita hartu liteke parte bazkarietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak