ELA sindikatuak prentsa ohar batean adierazi duenez, 2020aren erdialdean langileen baldintzak "kaltetu" zituen hitzarmen aldaketak; hots, Gureak Lanean S.A. enpresan Siderometalurgiaren Hitzarmena aplikatzen zitzaien Landazabaleko 64 langileei, baina pertsonala subrogatzean, Errepideko Salgaien Garraioaren Hitzarmena aplikatzeri ekin zioten. Langileek "euren eskubideak defendatzeko" epaitegietara jotzea erabaki zuten.
Bada, gaur eman du auziaren ebazpena Eibarko Lan Arloko Epaitegiak, eta langileei dagokien hitzarmena metalena dela ebatzi du. ELAren hitzetan, sententziak langileek "hasieratik arrazoia zutela" frogatzen du, eta hitzarmen kolektibo zuzena aplikatzea enpresek "legez egin behar duten zerbait" dela adierazi du. Epaitegira jo behar izan gabe, sindikatuaren arabera "enpresak hitzarmen kolektiboa eta horren atzerapenak askoz lehenago aplika zitzakeen".
Eskaera enpresari
Langileak zoriontzeaz gain, eskaera zuzen bat egin dio ELAk Landazabali: "Epaia ahalik eta lasterren aplikatzeko".