Fagor Ederlanek eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak langileak birkualifikatzeko trebakuntza plana jarri dute martxan. 2021eko azarotik 2022ko ekainera, 376 orduko plana eskainiko zaie hala nahi duten Fagor Ederlaneko langileei. Prentsa ohar bidez adierazi dutenez, 40 langile baino gehiagok eman dute izena dagoeneko.
Kooperatiban dauden profil akademiko txikiko langileak birkualifikatu asmoz, langileen barne sustapenerako aukerak zabaltzea eta lanpostuen artean mugitzeko aukera gehiago izatea dira Fagor Ederlanek ekimen hau martxan jarri izanaren arrazoiak. "Apustu estrategikoa da, zalantzarik gabe" adierazi du Raquel Belategi kooperatibako prestakuntza programaren arduradunak, eta parte hartzaileek jasoko dituzten alderdi positiboetan jarri nahi izan du enfasia: "Prestakuntzako eta trebakuntzako plan hau onura, erronka eta aukera bat da parte hartzaileentzat; programa honen bidez polibalentzia eta garapen pertsonala nabarmen handitzea lortzen da".
Programa malgua
Zortzi hilabetez eta 376 orduz luzatuko den programa izaki, hainbat txanda eta formatu aurreikusi dituzte Mondragon Unibertsitateko eta Fagor Ederlaneko arduradunek. Bide horretan, saioak bikoiztuak izango dira (bi aldiz egunean), hainbat tokitan egingo dira eta presentzialki zein streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da. Prestatzaileei dagokionez, gai bakoitzean adituak diren hogei bat irakaslek hartuko dute parte orotara, eta parte hartzaileek simulazio birtualak zein praktikoak egiteko aukera izango dute Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren laborategietan eta Fagor Ederlanen produkzio instalazioetan.