Iruñeko Rokopolis zentroa estatuko eskalatzaileen bilgune izan zen urriaren 28tik azaroaren 1a bitarte. Izan ere, abiadura, bloke eta zailtasun espezialitatetako Espainiako Eskalada Txapelketak jokatu ziren bertan, bai maila nagusian, eta baita gazte zein eskalada egokituko mailetan ere. Hainbat debagoiendarrek jantzi zituzten katu oinak Nafarroako hiriburuan, eta horien artean, hiruk emaitza esanguratsuak erdietsi zituzten.
Igandean jokatu ziren abiadura probetako finaletan eskuratu zuten debagoiendarrek lehen domina; zehazki, Irati Guenetxea Bengoa aretxabaletarra podiumaren gorengo koskara igo zen emakumezkoen 18 urtez azpiko mailan. 12,92 segunduan igo zuen finalean 15 metroko horma zuzena, aurkari zuen Lucia Perez madrildarrak baino 0,58 segundu azkarrago. Kontsolazio finala irabazi ostean, Maria Feo nafarrak lagundu zien podiumean.
Astelehenean, bi gehiago
Azaroaren 1ean bildu zituzten bailarako eskalatzaileek gainontzeko bi dominak. Gizonezkoen maila nagusiko blokeko modalitatean, Mikel Linazisoro Molinak zilarrezko domina kolkoratu zuen, eta Alejandro Crespo eta Javier Cano extremadurarrarak izan zituen podiumeko kide. Emakumezkoen 18 urtez azpiko zailtasun modalitatean, aldiz, Haizea Oses Saiz arrasatearrak ere dastatu zuen dominen loria. Hirugarren izan zen, Lucia Sempere valentziarraren eta Lucia Miranda kataluniarraren atzetik.