Fagor Taldeak jasoko du 2021eko Abbadia Saria

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 2a, 12:50

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea gaur goizeko agerraldian

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile den Eider Mendozak eman du jakitera epaimahaiak hartutako erabakia: Fagor Taldearentzat izango da Anton Abbadia Sariaren 22. edizioa. 1996an euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzeko asmoz sortutako saria da; Mendozak adierazi duenez, "kooperatiba taldea lan munduan euskararen sustapenaren adibide aurreratua da, zabaldu beharreko eredua"

Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko asteartero egin ohi duen agerraldian jakinarazi du Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak epaimahaiaren erabakia: Fagor Taldearentzat izango da 2021eko Abbadia Saria.

Pello Jauregi Euskaraldia kontzeptuaren asmatzaile eta teorizatzaileari emango dio segida kooperatiba arrasatearrak euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteen saridunen zerrendan; besteak beste, Arantxa Urretabizkaia (2018), Kike Amonarriz (2015), Imanol Urbieta (2007), Antton Olariaga (1998) edota Arrasate Euskaldundu Dezagun (1997) ageri dira 21 saridunen artean.

"Sari honekin, Fagor Taldeari aitortza egin nahi zaio, ehunka langile ari direlako euskara batzordetan ahaleginean eta milaka langile hartzen dituelako ekimenak", adierazi du Mendozak epaimahaiak hartutako erabakia arrazoitzean. Izan ere, 8 kooperatiba eta 4.000 langiletik gora dituen taldean, 70. hamarkadan abiatutako euskalduntze prozesuan eragiten jarraitzen dute Euskara Batzordetan diharduten 150 kideek: "Fagor Taldearen ibilbideak eta gaur egun bizi duen errealitateak argi uzten du erreferentzia bat dela euskararen arloan, egin duenagatik, egiten ari denagatik eta aurrera begira adierazten duen konpromisoagatik".

Sari banaketa, abenduaren 1ean

Ohitura den bezala, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian jasoko du Fagor Taldeak saria; zehazki, abenduaren 1ean, asteazkena. Donostian dagoen Gipuzkoako Foru Jauregian egingo da sari banaketa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusian bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak