Tolosako Abesbatza Lehiaketa irabazi du Aitor Biain oñatiarrak Basilio Astulezekin batera zuzentzen duen Euskal Herriko Gazte Abesbatzak. Polifonian eta folklorean ere lehen sariak irabazi ditu. "Gogor egin dugu lana bi urte hauetan. Lehiaketetan lehiaketena da hau, etxean jokatzen dugulako eta Grand Prix zirkuituko lehiaketarik konplikatuenetakoa delako. Oso pozik gaude lehen saria irabazita, oso. Sari honekin, 2023an Grand Prix-en parte hartzeko aukera izango dugu, Europako lehiaketa onenetako irabazleekin batera. Gu oso pozik gaude egindako lanarekin eta jendeak era gustura hartu du guk emandakoa. Talde indartsua da, soinu eta musikalidade handikoa eta bi urte hauetako lana ederra izan da. Amaiera bikaina eman diogu".
Debagoiendar gehiago
Euskal Herriko Gazte Abesbatza Euskal Herriko 40 abeslarik osatutako proiektua da, bost urteko ibilbidea du eta zuzendariak aldatzen doaz. Esteban Urzelai oñatiarrak eta Isabel Manteconek zuzendu zuten hasiera, eta azken bietan Biain eta Astulez aritu dira. Debagoieneko Uxue eta Alba Bellido, Maria Izaga, Idoia Asurmendi eta Aitor Garitano daude, esaterako, abeslarien artean.