Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunen bilgune bihurtu da gaur goizean EAEko hiriburua. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako mobilizaziora 2.000 pentsiodun inguru hurbildu dira, eta horien artean ziren hainbat Debagoieneko kide ere. Astelehenean Iruñean Nafarroako pentsiodunek egindako aldarrikapenei segida eman diete.
Plaza Berritik Katedralera egindako bidean, geldialdia egin dute Eusko Legebiltzarraren parean, eta talde parlamentarioetako kideei emandako komunikatuan eskaera zuzena egin diete: "Euskal herritarrei pentsio publiko duinak eta nahikoak bermatzeko erabaki eraginkorrak hartzea".
Lege-proiektua eztabaidagai
Pentsiodunek idatzian jaso dutenaren arabera, "Gobernuak aurkeztutako lege-proiektuak helburu bakarra du: 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen murrizketei eustea, lan gehiago egitea eta pentsio gutxiago kobratzea". Bide horretan, Estatuko Gobernuari, Kongresuko talde politikoei eta EAEko zein Nafarroako erakundeei aldarrikapenei erantzunez "behar diren erabakiak har ditzatela" eta garatzen ari diren lege-proiektua "ken dezatela" eskatu diete.