Aurreko Mendian gertatu da ezbeharra. 15:30ak jota, baserritarrak deitu du larrialdi zerbitzuetara, goizean egindako "erreturak zabaltzen" ari zirela eta. Aurreko Mendia leku malkartsua da, ibilgailuak bertaratzeko neketsua, eta Oñatiko udaltzainak, basozainak zein suhiltzaileak heldu direnerako garrek baserri aurreko zelaia zuten hartuta.
"Heldu bezain pronto" jarri dira lanean itzaltze lanetara hurbildu diren langileak; besteak beste, Oñati zein Legazpiko parkeetako hiru kamioitan eta bi autotan gerturatu diren suhiltzaileak. Sua baserri ondoko pinudira bidean zela, "pinudiak su ez hartzea izan da gure lehentasuna", adierazi dio Goienari suhiltzaileen arduradunak. Bere hitzetan, "lekua neketsua da, baina denboraz heldu gara, eta lortu dugu sua zelaian mantentzea". "Justu-justuan libratu dugu", gaineratu du basozainak, "garrak basora sartuko balira, askoz larriagoa izango litzateke eta ezbeharra".
Bi ordutik gorako lanaren ostean lortu dute garrak guztiz itzaltzea eta eremua kontrolpean uztea.
Aipatu, halaber, zelaian utzitako ondorioetatik harago ez dela kalte fisiko edo materialik izan.