2021eko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka dinamikaren baitan, larunbatean aurkeztu zuten Ablitasen Errigoraren udazkeneko kanpaina. Herriak egiten du herria izenpean, AEK, Ikastolen Elkartea eta Sortzen erakundeak zein Agerraldia egitasmoa ekonomikoki laguntzea du helburu, Nafarroa hegoalde eta erdialdean euskaldunak sortzen jarraitzeko eta euskararentzako aro berri bat irekitzeko xedearekin.
"Euskal Herriko txoko guztietako" herritarren laguntzarekin, urriaren 23tik azaroaren 11ra eskatu litezkeen saskiak osatzeari ekin zioten larunbat goizean, orain arteko herrigintzaren ariketari eutsiz: auzolanean. Izan ere, "milaka lagunen elkartasunari esker 2013tik 1.400.000 euro baino gehiago" bideratu dituzte Errigorako kideek "euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera", elikadura-burujabetzara "pausuak emanez" eta herri lana "lanabes hartuta".
Hiru saski aukeran
Nafarroa hegoaldeko 25 ekoizleren produktuz osatutako hiru saski moten artean aukeratu ahal izango dute herritarrek: Saski beltza (55€), Saski berdea (65€) eta Saski zuria (75€). Azken kanpainekin alderatuta, bost euro igo da saskien balioa, baina euskalgintzako eragileei egingo dieten ekarpena ere handiagoa izango da, saskien balioaren %25a joango baita diru-ekarpen hori osatzera.
Errigoraren webgunean dago saskiak eskatzeko aukera, bai eta Debagoieneko bederatzi bilketa guneak ezagutzekoa ere.