Ondo hasi dute partidua gorriek: 4-0 jarri dira, eta handik aurrera errentatxoarekin jokatu dute, neurketako azken laurdenera arte –atsedenaldian, 12-8–. "Bi baten aurkakoa ondo landuta ekarri dute eurek, eta neurketa berdinduz joan da", zioen Aloñako jokalari Asier Ibabek.
Erasoan, berriz, ez da Fagor Industrial nahi bezain fin ibili, Aitor Biain entrenatzailearen arabera; gehiegi bilatu dituzte buruz buruko egoerak, taldeko jokoa egin eta "luze jokatu" beharrean.
Neurketa amaitzeko hamar minutu faltan gol bakarrera jarri da Mugarri Ingou, 20-19, eta bost minutu falta zirenean ere gol bakarrekoa zen aldea, 21-20. Denbora horretan, oñatiarrek atzean estutu eta atezainak ere geldiketa onak egin ditu jarraian. Aipagarria Arrasatekoen atezainak ere egin duen lana, gelditu asko egin ditu-eta.
Mugarri Ingouko jokalari Jurgi Iraolak gabeziak ikusi dizkio taldeari bai erasoko eta bai defentsako lanean, baina gustura agertu da liga hasieran izaten ari diren bilakaerarekin, neurketa denak galdu arren, gero eta txikiagoak direlako aldeak. Fagor Industrialek, berriz, lautik lau irabazi ditu orain arte.
Biek dute talde gaztea, baina nahikoa argi ikusten da helburu desberdinengatik borrokatuko dutela denboraldi honetan.
Aloñako Mikel Kortabarria eta Arrasateko Hodei Letona izan dira partiduko golegile onenak, bakoitza zazpirekin.