Hiru Arrieta, Zaldibar antzokiko taularen gainean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko urr. 23a, 15:13

Alex Sardui, Andres Calamaro eta Manu Chao musikariak irudikatuta estreinatu zuen Goio Arrietak, atzo, egubakoitza, aurten 60 urte beteko dituela aitzakia hartuta sortu duen Hiru (h)arri musika ikuskizuna lepo bete zen Zaldibar antzokian. Beñat Arrieta Umerez eta Gari Barandiaran Arrieta lobak izan zituen taularen gainean lagun.

“Orain dela hamar urte, 50 urte bete nituenean, ikuskizun bat sortu eta hainbat tokitan eskaini nuen. Oso gustura jardun nuen eta harrera polita izan zuen. Azaroaren 18an 60 beteko ditut, eta horren aitzakian beste ikuskizun bat prestatzea pentsatu nuen”, azaldu du Goio Arrietak eta zera gaineratu du: “Grabatutako musikarekin egin nuen aurrekoa, baina oraingoan nire bi loba musikari eta artistei proposatu nien elkarrekin egitea ikuskizuna. Baiezkoa eman   zidaten eta hala hasi ginen orain dela sei hilabete inguru entseguak egiten. Asko ari naiz eurekin gozatzen, musikari ikaragarriak dira biak ala biak eta oso babestuta sentitzen naiz taularen gainean eurekin”.

Manu Chaoren bertsioa eskaintzen Beñat Arrieta, Goio Arrieta eta Gari Barandiaran.

1961aren bueltan

Urte horretan jaio zen Arrieta, eta orduko kantuak eta efemerideak aintzat hartuta osatu du Hiru (h)arri ikuskizunaren muina. “Hainbat musikari gonbidatzen ditugu, atzo, Zaldibarren, esaterako, Manu Chao, Andres Calamaro eta Alex Sardui izan ziren. Lehenengo biak urte berean jaiotakoak dira eta nire egun berean, azaroaren 18an, berriz, Sardui.

Azaroaren 6an eta 7an, Arkupen

Gustura jardun zuten musikariek taularen gainean eta hala zeuden aretoan batutako ikusleak ere. “Atzoko estreinaldia ondo joan zen, nahiz eta bart hainbat alditan itzartu naizen gaizki egindakoekin ametsetan, baina, orokorrean, gustura nago, eta akatsetatik ikasita, pozarren eskainiko dugu datorren hilean Aretxabaletan. Bi emanaldi egingo ditugu Arkupe kultura etxean, azaroaren 6an eta 7an”.

Andres Calamaroren kantuen bertsioak ere eskaini zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak