Gaurko finalean garaipena lortzeko faborito ziren Ander Murua eta Andoni Gaskue, eta, presioak eraginda edo, lotuta jokatu du Muruak lehen seta. Bi-pareta batekin, ondo hasi du neurketa, baina hortik aurrera hankak pisu eta eskua ondo sartu ezin ibili da, urduri. Hala ere, 9-4 aurreratu dira markagailuan; baina 9-8ra etorri zaizkie mexikarrak. 10-8, azkenean.
Bigarren seta errazago atera dute Muruak eta Gaskuek. Argi ikusi da kontrarioak baino gehiago zirela jokoan.
Ander Murua oso pozik zegoen partidu amaieran: "Kristoren poza hartu dugu. Munduko txapeldun izatea... hitzak berak esaten du zer den!". Aitortu du, gaurko finala kenduta, torneoa ez dela maila handikoa izan, baina: "Lau hilabete egin ditugu prestatzen gaurkoa ondo joan zedin, eta hala izan da".
Espainiako selekzioko laukoteko kide izan da Manex Balerdi antzuolarra ere, baina finala harmailatik ikustea egokitu zaio. "Urduritasun handiz jarraitu dut", zioen. Pena zuen Muruarekin batera aritzeko aukerarik izan ez duelako, baina bere sentitu du garaipena: "Pena izan da finala jokatu ezin izatea, baina gustura nago talde handi honen parte izateagatik".
Balerdik urduri ikusi du Murua; Andoni Gaskue, berriz, oso ondo: "Hasieratik egon da partiduan. Eskuin indartsua du, oso bizi eman dio pilotari, gozatuz". Eta garaipena lortuta...: "Gaur eta bihar ospatu, eta, datorren astetik aurrera, lanean jarraitzera".