Gaur goizean 40 bat lagun elkartu dira Emaus Fundazioak Arrasaten duen EkoCenterrean egindako bisita gidatu irekian parte hartzeko. Elkartasun ekonomia, berrerabilpena, gizarteratzea eta jasangarritasuna dituzte, besteak beste, lan lerro nagusi. Horrekin batera bigarren eskuko produktuen salmenta duintzea. Hori da azken denboretako helburu nagusietako bat eta lan handia egin dute, esaterako, Arrasateko denda itxuraldatzen eta modernizatzen.
Gonbidatu bereziak ere izan dituzte gaurko ekitaldian. Arrasateko EkoCenterrean izan dira, besteak beste, Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredo, Aldundiko obra hidraulikoen zuzendari Enrique Ramos eta Arrasateko zinegotzi Vitoriano Fuentes. Emaus Fundazioko zuzendari Javier Pradinik egin ditu anfitrioi lanak.
Instalazioen bisita egin ostean esker mezuak jaso dituzte Emaus Fundazioko arduradunek eta langileek. Jasangarritasuna, gizarteratzea eta ekonomia lantzen dituen erakundea dela esan du Barredok eta Jaurlaritzaren babesa jasotzen jarraituko dutela. Ildo beretik egin du berba Aldundiko obra hidraulikoen zuzendari Enrique Ramosek. Arrasateko zinegotzi Vitoriano Fuentesek ere eredu direla esan die onura handiak eragiten dituelako egiten duen jarduerak.