Autobus-gidariek euren lana "geroz eta arriskutsuagoa" dela salatu dute

Uxue Igarza Loiola 2021ko urr. 18a, 15:39

Urriaren 3an bezero batek eraso egin ziola salatu du autobus-gidari batek. Hori izan da eskualdeko azkena, baina gidarien esanetan, "ez da kasu isolatu bat". Errespetu-faltak, irainak, mehatsuak edota ibilgailuari kalteak eragitea "ohikoak" bihurtzen ari direla azaldu dute gaur, Arrasateko geralekuan.

Gaur goizean, 06:00etatik 08:00etara lanuztea egin dute Avanza Gipuzkoa enpresako autobus-gidariek, eta arratsaldean 18:00etatik 20:00etara egingo dute. Enpresarekin bilera ere izan dute gaur goizean, baina langileek azaldutakoaren arabera, "ez da urratsik egin" eta egubakoitzerako lanuzteek indarrean jarraitzen dute. Hala, hilaren 22an ere,  gaurko ordutegi berean, ez da autobus zerbitzurik izango.

Autobus gidariek beraien egunerokotasunean –eta batez ere Debagoieneko herrietan– jasaten dituzten erasoak salatu dituzte, beste behin. Azaldu dutenez, dagoeneko "ohituta daude" zenbait bezeroren irainetara eta errespetu-faltara, baina egunetik egunera egoera "okertzen" ari dela azpimarratu dute eta "marra gorriak" gainditu direla.

Labanarekin mehatxu egitea edota autobusa zerra batekin apurtzea dira besteak beste, azken hilabeteetan jasan behar izan dituzten egoeretako batzuk. Halaber, argitu nahi izan dute erasoak gauez nahiz egunez izaten direla, eta ez dagoela eraso egiten dutenen profil zehatzik.

Gauzak horrela, Avanza enpresari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari gidarien segurtasuna bermatzeko eskaera egin diete gaur. "Gure lana lasai egin ahal izatea nahi dugu, eta horretarako hainbat proposamen daude mahai gainean. Egoerari irtenbiderik eman ezean, ezingo dugu zerbitzua ganoraz egin", adierazi du Galder Arrillaga gidariak. Bestetik, langileek dituzten baldintza orokorrak ere "okerrera" egiten ari direla ere salatu dute: "Enpresaren jabe berriekin, zaildu egin da gure jarduna".

Bukatzeko, barkamena eskatu nahi izan diete Gipuzkoako autobus-zerbitzuak erabiltzen dituzten bezeroei: "Badakigu lanuzteekin bidaiariei kalte egiten diegula, eta barkamena eskatu nahi dugu. Pena da, baina zoritxarrez ez dugu beste aukerarik". Horrez gain, iragarri dute enpresaren aldetik jarrera aldatzen ez bada, egun osoko lanuzteak egingo dituztela aurrerantzean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak