Arnaldo Otegik, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, eta Arkaitz Rodriguezek, Sortuko idazkari nagusiak, agerraldi solemnea egin dute Donostiako Aiete Jauregian. Aieteko Nazioarteko Konferentziatik zein ETA erakundearen indarkeria armatuaren amaieratik hamar urte igaro direnean, bost puntuz osatutako adierazpena irakurri dute. Besteak beste, hizketagai izan dituzte duela hamar urte hartutako "konpromisoa", "hartutako erabakiaren izaera estrategikoa", "biktima guztien aitortza eta erreparazioa", "preso politikoen auziari irtenbidea ematea" eta "elkarrizketaren, negoziazioaren eta adostasunaren aldeko konpromisoa".
Aipamen berezia ETAren biktimei
Adierazpenaren hirugarren atalean, "biktima guztien aitortza eta erreparazioa"-ren ingurukoan, hain zuzen, "aipamen berezia" egin nahi izan diete Otegi eta Rodriguezek ETAren indarkeriak eragindako biktimei: "Gure atsekabea eta mina adierazi nahi diegu jasan duten sufrimenduagatik. Gure egiten dugu haien mina, eta sentimendu zintzo horretatik baieztatzen dugu hura ez zela inoiz gertatu behar".
Horrez gain, adierazi dute "asko sentitzen" dutela biktimek jasan duten sufrimendua, eta prest azaldu dira "ahal" duten neurrian "arintzeko": "Esan dezakegun ezerk ez du eragindako mina ezabatuko. Baina konbentzituta gaude arintzea behintzat posible dela, errespetuan, adeitasunean eta memorian oinarrituta".
Ondoko ikus-entzunezkoan dago ikusgai Otegi eta Rodriguezek egindako adierazpena.