Erabakiak hartzeko guneetatik kanpo mantentzeko dinamika irauli, eta gazteen ahotsak entzun eta etorkizuneko alternatibak irudikatu asmoz sortu da The Future Game. Bihar zer? ekimena. Dot Coop berrikuntza agentziak, Osoigo Next-ek eta Deustuko Unibertsitateko Braulio Gómezek sustatzen duten egitasmoa da, besteak beste, Badalab, EITB eta BBK Kuna-ren laguntzarekin.
Bada, 2050. urtea eszenatoki gisa hartuta, gizarteko sektore gazteenen kezka, jakin-min eta iritziak biltzea helburu duen inkesta bat jarri dute abian. Emaitzen errepresentazio zuzena bermatzeko EAEn erroldatuta dauden 18 eta 35 urte arteko 1.000 herritarri inkesta pasako dieten arren, galdetegi hau irekia da, eta hala nahi duen gazte orok du etorkizunari buruz duen ikuspuntua partekatzeko aukera.
Jolas traza duen inkesta
Urriaren 13tik irekita dagoen inkesta honek, baina, ez ditu ohiko galdetegien bide orriak jarraitzen. Hots, jolas interaktibo gisa eman ahal izango dute gazteek beraien iritziak, eztabaidarako, hausnarketarako eta ekiteko espazioak aurkituz. Abenduaren 19ra arte egongo da galdetegia betetzeko aukera The Future Game egitasmoaren orrialdean.