Gipuzkoaren etorkizunari buruz dituzten kezka eta proposamenak partekatzeko aukera dute gaur Arrasateko MUko ikasleek

Jon Irizar Aranguren 2021ko urr. 14a, 14:46
'Etorkizuna Eraikiz' kapsula, Arrasateko Mondragon Unibertsitatearen campusean

Gazteek Gipuzkoa 2040an nola irudikatzen duten ezagutzeko, Etorkizuna Eraikiz kapsula jarri dute gaur Mondragon Unibertsitateko Arrasateko campusean. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako ekimenak herritarrek etorkizunari buruz dituzten kezkak eta proposamenak biltzea du helburu.

Herritarren parte-hartzean oinarritutako gobernantza kolaboratiboa sustatzeko helburuarekin, Etorkizuna Eraikiz kapsula Debagoienera itzuli da. Hain zuzen, Mondragon Unibertsitateko Arrasateko Campusean ezarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak kapsula, eta egun osoa izango dute bertako ikasleek 2040an Gipuzkoa nola ikusten duten adierazteko, lurraldearen etorkizunaz dituzten kezka eta proposamenak partekatzeko.

"Zuen kezkak eta ekarpenak zeintzuk diren jakin nahi dugu, 2040an Gipuzkoa nola irudikatzen duzuen jakin nahi dugu, zuek etorkizuna zaretelako eta elkarlanean eraiki behar dugulako", zuzendu zaie ikasleei Eider Mendoza Gobernantza diputatua. Gaur goizean egindako bisitan alboan izan ditu Mondragon Unibertsitateko errektore den Vicente Atxa eta Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile nagusi den Carlos Garcia; unibertsitateak "eragile aktibo" izaten jarraituko duela eta gazteen parte-hartzea bultzatzeko "campusak baino leku hoberik ez dagoela" azpimarratu dute, hurrenez hurren.

Loratuko diren konpromisoak

"Oso modu interaktiboan" egiteko partaidetza dinamika proposatzen du Etorkizuna Eraikiz kapsulak, Mendozaren hitzetan; hots, ikasleek beren ekarpenak egin ahal izango dituzte, eta horrez gain, papereko konpromisoak landare bihurtzeko aukera izango dute, proposamenak jasotzeko diseinatutako paperek dituzten haziak tarteko. Gobernantza diputatuaren arabera, modu honetara "parte-hartzaileak lurraldearen etorkizunarekiko konpromisoaren garrantziaz kontzientziatu nahi dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak