"Ikusita gure gizartean pandemiaren ondorioz zer nolako sufrimendua izan dugun, komeni da kontzientzia hartzea, eta jakitea munduko beste leku batzuetan bizi osoan sufritzen dituztela halako egoerak. Hau da, egunero ibiltzen dira gaixotasunei aurre egin ezinka, ez pandemia garaian bakarrik, eta ezin dugu ahaztu bestelako gabezia asko dituztela", adierazi zuen Mundukideko kide Urri Urizarrek lasterketaren aurkezpenean. Izan ere, domekan egingo duten lasterketan bildutako dirua Mundukidek Afrika eta Hego Amerikan bultzatzen dituen programa sozioekonomikoak garatzeko erabiliko da, "Inportantea delako munduko ipar hemisferioan jaio izanagatik ditugun pribilegioez kontzientzia hartzea eta solidarioa izatea".
Izen-ematea, bihar ere bai
Bihar lasterketa aurretik ere eman ahal izango da izena, Urkulun bertan. Dortsalaren prezioa da 15 eurokoa; ikasleek bost euro ordaindu beharko dute. Eta, inguruko kooperatiba guztietako bazkideak daude gonbidatuta proban parte hartzera: "Egun pasa polita izaten da, eta balio du Mundukidek egiten duen lana gertuagotik ezagutzeko", adierazi zuen Copreciko langile Lourdes Larrañagak.
Bada, hiru modu daude proban parte hartzeko, Urkuluko urtegiari buelta emateko: hiru bazkidez osatutako taldetan korrika egitea (11:00), ibilkera nordiko eran egitea (10:30) edo oinez (10:30).