Arrasateko Eroski supermerkatuan du saltokia Harremanek. Mundu zabaleko produktuak saltzen dituzte bertan, berezitasun batekin: "Guk sustatu nahi duguna kapitalismotik aldentzen den kontsumo eredu bat da; lan baldintza duinekin ekoiztutako jakiak eta objektuak ekartzen ditugu mundu zabaletik, eta saiatzen gara jendartea kontzientziatzen, erosten dituen produktuen atzean ze prozesu dagoen pentsa dezan", azaldu du Iker Elexpuruk, Harreman dendako boluntarioak.
Arratsaldero irekitzen dute denda, eta Debagoieneko pertsona gehiagorengana iristea da euren helburua. Pandemiaren gaineko neurriak leuntzen ari direla-eta, jendaurreko ekintzak antolatzeari berrekingo diote aurrerantzean, "2020aren aurretik egiten genuen moduan".