Debagoieneko Antzerki Plataformak bailaran antzerkia bultzatzea du helburu, baita, kulturak eraldaketa sozialerako duen gaitasunetik, eragiteko bideak zabaltzea ere. D2030 ekimenaren baitan ikerketa proiektu bat garatzen dihardute, D2030ek bilatzen duen eraldaketaren parte izan dadin antzerkia ere.
Debagoieneko Antzerki Plataformak zer eskaini gura dio Debagoienari?
DAPen helburua bailaran antzerkia bultzatu, indartu eta zabaltzea da. Antzerkiaren bueltan lanean ari garenon indarrak batu nahi ditugu, elkarri lagundu ahal izateko, batera lan egiteko, jende gehiagorengana iristeko... Eta, aldi berean, Debagoienean antzerkiaren presentzia handitzea, herritar gehiagorengana iristeko aukera izan dezan, honek ekarri ditzakeen onurekin, maila pertsonalean zein bailara mailan, kultura eraldaketa sozialerako giltza gisa ulertzen dugu DAPen.
Hainbat lan-ildo dituzue martxan; badago baten bat besteak baino aurreratuago?
Bai. DAP Formakuntza martxan jarri dugu dagoeneko. Kurtso honetarako apustua da. Antzerki Formakuntza herritarren zati handi batengana iristeko bide
gisa ikusi dugu, ikuslea aulkitik jaiki eta nork bere gorputzean bizitzeko aukera zabaldu dugu, eta interesa dagoela begi-bistakoa izan da.
"Proiektuaren bitartez debagoiendar sena piztu zaigula ere esan behar da"
Zertan datza?
Izenak berak dioen moduan, antzerkian formakuntza da. Bi mailatan landu dugu: batetik, hezkuntza formalean, non Iurgi Etxeberriak martxan jarritako Iufala! proiektuarekin jarraitu dugun eta indarrak batzean eskola gehiagotara zabaltzeko aukera izan dugun. Iufala! LH-ko 5. eta 6. mailetan jarri dugu martxan, eta DBH-ko 1. eta 2. mailetarako Baliatu proposatu dugu, hau ere Iurgik aurretik landutakoa. Gainera, Kultura Eskola programan sartu da Baliatu. Bestetik, eskolaz kanpoko taldeak egongo lirateke, non helduen, gazteen eta haurren taldeak martxan jarri diren Oñatin, Arrasaten eta Bergaran. Hauek Doke Antzerki Taldearekin, Jardun Euskara Elkartearekin eta Irazan Gunearekin elkarlanean sortu dira; guztiak aurretik lanean zebiltzan antzerki eskolekin, eta DAPek ere egin du hor bere ekarpena.
Proposatzen dituzuen lan-ildoak dira D2030ek bultzatuta landu duzuen ikerketaren emaitza?
Ikerketa oraindik martxan dago, baina bai; hein handi batean, hor ikusitako beharretatik irten dira.
Zein da ikerketaren helburua?
Ikerketaren bitartez, Debagoieneko antzerkiaren egoera aztertu gura izan dugu, baina ez hori bakarrik, baliatu baitugu beste proiektu batzuk
ezagutzeko, arte eszenikoen eta, orokorrean, kulturaren egoera aztertuz, eta kulturatik eraldaketa sozialean zelan eragin daitekeen.
Zein ikasketa atera dituzue?
Momentuz, asko irakurri eta galdetu dugu, eta oraindik falta zaigu, baina esango nuke nagusiki egiteko beharra ikusten dela, baina horretarako baliabideak falta
direla –ulertu ditzagun baliabideak ez bakarrik baliabide ekonomiko gisa–. Horretaz gain, aipatu nahi nuke proiektu honen bidez debagoiendar sena ere piztu zaigula, hein batean; geure herrian bakarrik pentsatu gabe Debagoien osoan pentsatzean, eraldaketa bat gertatu da hor. Ez gara zuzenean hori bilatzera joan, baina gertatu egin da, eta ederra da horrelakoak ere gertatzea.
Nola baloratzen duzue egindako lanketa? Zein ondorio nagusi atera dituzue?
Lanketak asko lagundu digu gure ideiak ordenatzen, gure iritzi bakarrik zirenak garatzen; hala, intuizioetatik jaiotako horiek zenbateraino asmatu duten jakiteko aukera izan dugu, aurretik pentsatu ez genituenak ezagutu... Oso baliagarria dela uste dugu, jada ez delako bakarrik gure ustea, baizik eta landutako gaia da, eta beste esperientzia batzuetan ere oinarritzen da. Horrek pisua ematen dio proiektuari. Ondorioak ateratzeko oraindik goiz da, baina Debagoienean egiteko asko dagoela eta, aldi berean, horretarako potentzia izugarria dagoela uste dugu.
"Debagoienean egiteko asko dago, eta era berean, potentzial izugarria"
Antzerkiak eta kulturak eraldaketarako duten gaitasunari balioa eman gura diozue. Nola gizarteratu hori?
Hau lanketa zailenetako eta geldoenetako bat da. Teorikoki, denok ulertzen dugu kulturak zein garrantzi duen eta nola eraikitzen dugun gure egunerokotasuna gure kulturaren arabera, baina teorikoki jakitea ez da nahikoa, eta hor dago koska. DAPetik antzerkiak eskaini dezakeena nork bere baitan bizitzeko aukera sortzearekin hasi gara; antzerkiak geuri ere eraldaketa ugari eragin zizkigun –eta dizkigu oraindik–, eta hori debagoiendarrek bizitzeko aukera izatearekin hasiko gara. Ulermen hauek burutik ez ezik, gorputzetik igaro behar dute, eta antzerkiak badu hori egiteko gaitasun izugarria, baita ikusle izanda ere. Hala ere, baditugu beste proiektu batzuk buruan, baina oraindik hasierako ideia besterik ez da, eta garatzeko beharra dago.