Eskoriatzako saskibaloi saileko senior mailan jokalari gutxirekin geratu dira denboraldi honetarako. Hori horrela, hitzar-mena sinatu dute Arrasateko Ointxe! saskibaloi klubarekin, bien artean talde berri bat osatzeko. Saski Goiena Hemen Garbiketak izenpean eratu dute taldea eta dagoeneko hasi dute denboraldia.
"Senior mailan jokalari beharrean geunden Eskoriatzan. Izan ere, zenbait jokalari kanpora joan dira beraien ikasketak burutzera, eta Arrasateko jokalariekin batera talde berria eratzea adostu genuen. Lehenengo jardunaldia ondo joan da, eta bide beretik jarraitzea espero dugu", adierazi du Zuhaitz Gonzalezek, Eskoriatzako saskibaloi saileko arduradunak eta talde berriko entrenatzaileak.
Baliabideak partekatuz
Zortzi senior daude taldean: sei jokalari Eskoriatzakoak zirenak eta beste bi jokalari Ointxe!-ko senior kategoriakoak zirenak; eta taldea guztiz osatzeko, Ointxe!-ko gazte mailako lau jokalari daude. Hala, Eskoriatzako sei jokalarirekin eta Ointxe!-ko beste seirekin eratu dute taldea.Iñaki Ogara Arri Ointxe!-ko kirol zuzendariak adierazi duenez, zenbait denboralditan ari-tu dira bi klubak formatu egokia bilatzen, eta, osatu duten modua aproposa dela adostuta, aurrera begira ere emakumezkoen saskibaloia indartzea dutela helburu adierazi du. "Talde hau da abiapuntua, baina helburua da emakumezkoen saskibaloia indartzea Debagoienean. Entrenamenduak Eskoriatzako kiroldegian eta Musa-kolako kiroldegian egiten ari dira, eta partiduak, aldiz, domeka arratsaldeetan izango dira, Eskoriatzan".
Garaipenarekin hasita
Saski Goiena Hemen Garbiketak taldeak denboraldiko lehenengo jardunaldia jokatu zuen joan den astean, etxetik kanpora, CD Internacional Mons taldearen aurka, eta 37-57 irabazi zuen partidua. Etapa berria garaipenarekin hasi dute, eta hurrengo erronka irailaren 17an izango dute, Donostiako Luberri Baserria Km0 taldearen kontra, etxean, 18:00etan.