"Gastronomiak gure kulturan duen garrantzia gogoratuz eta gazteak euren aitona-amonen betiko plateretan oinarritutako errezeta osasungarriak egitera gonbidatuz” jarri dute martxan, hirugarren urtez, Sukaldean sortzaile lehiaketa Ausolan Fundazioak eta Basque Culinary Centerrek. Izan ere, gastronomiaren bueltan "ekimena, sormena eta talde lana" indartzeaz gain, "belaunaldien arteko loturak indartzea" du helburu proiektuak.
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailatik Batxilergoko 2. mailara arte ikasleei zuzenduta dago lehiaketa, eta ikasturteko lehen hiruhilekoan oinarritzen da; zehazki, gaur, urriaren 6an, ireki da proiektuak aurkezteko epea, eta azaroaren 12ra arte egongo da horretarako aukera.
Sukaldeko eginbeharrak
Adin bereko hiruko taldetan, aiton-amonen errezeta bat "sortu, berridatzi eta bideo bidez grabatu" beharko dute lehiaketan parte hartu nahi duten ikasleek, gutxienez, errezetaren jatorria, hautaketaren zergatia, emandako urratsak eta erabilitako tresnak aipatuz. Horrez gain, "platera erabat bukatuta" aurkeztu beharko dute kameraren aurrean. Behin bideoa aurkeztuta, herritarrek baloratuko dute YouTube bidez lehenik, ikastetxeek ostean eta antolakuntzako adituen batzordeak azkenik. Fase guztiak gainditu dituzten finalistek abenduaren 10ean egingo dute topo Basque Culinary Centerren; "eskaintza gastronomiko ezberdinez gozatzeko" aukeraz gain, lehiaketaren txapeldunak izendatuko dituzte.
Lehiaketaren xehetasun guztiak Sukaldean Sortzaile webgunean daude ikusgai.