Familia eta buru osasuna jorratuko ditu Iker Arrizabalaga psikologoak urriaren 14an

Eneko Azurmendi 2021ko urr. 5a, 12:09

Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteko (Agifes) psikologoa da Arrizabalaga eta buruko osasun arazoei aurre egiterakoan familiak duen "paper nabarmenari" buruz ariko da Kulturateko Jokin Zaitegi gelan, urriaren 14an, 18:00etan.

Osasun mentaleko arazo batek senitarteko bakoitzean eta familiaren dinamikan duen eragina aztertuko du Agifeseko familia-programaren arduradunak. "Era berean, horrelako gaitz psikikoak agertzen direnean zer egin jakiteko jarraibideak eskainiko ditu. Gainera, familia osoarentzat eskuragarri dauden baliabideak eta laguntzak ezagutaraziko ditu, bai diagnostikoa duten pertsonentzat bai haien senideentzat".

Agifesek abiatu berri duen Buru osasunaren zaindariak kanpainaren baitan dago. "Ekimenaren helburua da, hain zuzen, familiak eta gertukoek buru osasunaren zainketan duten garrantzia aitortzea".

Elkartetik adierazi dutenez, gizarte, osasun eta erakunde esparruetatik eskaintzen dituzten buru osasuneko programak eta zerbitzuak "oinarrizkoak" dira, "baina ez dugu ahaztu behar osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei egunero laguntzen dietenen zeregina". Hain zuzen, hurbileneko senideak dira buru nahasmendua duten pertsonen errekuperazio prozesuaren "zutabe nagusietarikoa", elkarteko kideen esanetan. "Hori dela eta, familien rola azpimarratzeaz gain, haien zaintza eta ongizatea hobetzeko baliabide eta programa gehiago eskaintzearen alde lanean jarraitu behar dugu".

Kazetaritza sariak

Agifesek 2021eko Kazetaritza eta Buru Osasuna Sariak antolatu ditu, Gipuzkoan hedapena duten komunikabideen lana saritzeko. "Aurreko edizioetan bezala, egitasmo honen xedea buru-osasunaren inguruan kazetaritza lanak sustatzea eta saritzea da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak