Hildakoak eragiten dituzten "istripuen %70etan" abiadura da faktoreetako bat. Hala adierazi du Eusko Jaurlaritzako trafikoko zuzendari den Sonia Diaz de Corcuerak: "Funtsezkoa da ezarritako abiadura-mugak errespetatzea; izan ere, egiaztatuta dago abiadura desegokian gidatzeak areagotu egiten dituela istripu larria gertatzeko probabilitateak".
Ertzainek zein udaltzainek abiaduraren baitako arrisku handiko bide-zatiak kontrolatuko dituzte bereziki, baita istripu askoko puntuak ere. Trafikoa zaintzeko 2021erako zehaztu diren 46 kanpainen egutegi barruan dago aste honetan abian jarritakoa. Ibilgailuen baldintza teknikoekin eta gidatzearekin zerikusia duten hainbat alderdi ere kontrolatu eta zainduko direla iragarri dute.