Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburu den Josu Erkorekak Deia egunkariari egindako elkarrizketan adierazi duenez, "herritarren arteko diskriminazioa saihesteko, lehen alarma egoeran jarritako isun guztiak itzuliko ditugu".
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2020ko martxoan indarrean jarritako etxealdia Espainiako Konstituzioaren aurkakoa zela ebatzi zuen; ondorioz, eta legeak hala behartuta, tramitean zeuden isun guztiak artxibatu zituen Jaurlaritzak iraila hasieran. Garai berean, ordainduta zeuden isun horien prozedura administratiboa itxita zegoela adierazi zuten. Gaur, ordea, "gizalegez jokatu eta ordaindu zuten horiek ez diskriminatzeko", dirua itzuliko dietela iragarri du Erkorekak.
Ordaindutako isunen itzulera datutan
2020ko martxoaren 14tik eta ekainaren 21era 22.957 isun jarri zituzten EAEn Ertzaintzaren eta herrietako udaltzainen artean. Konstituzionalaren erabakiaren ostean, tramitean zeuden 14.740 isunak baliogabetu zituen Eusko Jaurlaritzak. Gaur iragarritako aldaketak, ordea, jada kobratuta zeuden 5.256 isunei zein errekurtsoa jarri ostean, zigorra behin-betikoa zela ebatzi zen 2.961 kasuei eragiten die; "gutxi gorabehera, 1,6 milioi euro" itzuliko dira Jaurlaritzako lehendakariordearen arabera. Elkarrizketan ez du itzulketen daten eta prozeduren berri eman.